Apirilaren 19an, arratsaldeko 19:30ean, udaletxeko batzar-aretoan, Bankuak eta balizko deslokalizazioak. Irakaspenak Eskozia eta Kataluniatik izeneko hitzaldia emango du Joseba Barandiaran Andueza ekonomialaria eta finantza-adituak.
Josebak jorratuko duen gaiak Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) argitaratutako Irakaspen sozioekonomikoak Eskozia eta Kataluniako prozesuetatik izeneko liburuan du abiapuntua.
«Jakina denez, finantza-sistema eta bankuen jarduna konfiantzan
oinarritzen da. Eskozia edo Kataluniakoaren moduko prozesuetan edo,
geroago 2016an Britainia Handiak berak "Brexit"az egindako galdeketan,
ziurgabetasuna handitu egiten da behin-behinean; konfiantza pitzatu
egiten da hein batean. Ziurgabetasuna edo zalantza-giroak, bai galdeketa
baten emaitzaz, bai berorren osteko kudeaketaz, epe laburreko ondorio
kaltegarri batzuk izango ditu ekonomiaren bilakaeran».
«Hortaz, independentzia-prozesu batek, galdeketa adostua izanda ere, epe laburreko kostu batzuk baditu berekin. Galdeketa adostua eta azkarra izanda, txikiagoak izango direnak, ziurgabetasuna azkarrago txikituko baita. Finantza-merkatuak, euren ezaugarriengatik, edozein ziurgabetasun azkar (eta bortizki) islatzeko gai dira, minutuz minutu».